Kitxuak, aimarak, guaraniak, Rifeko biztanleak... Gure burmuinetan txertatuta ditugun mapa eta geopolitiketatik kanpoko berrogei bat lagunekin elkarrizketa aberatsa izateko aukera izan nuen atzo, Garabide elkarteari esker. Lan eskerga egiten du Garabidek, Europaz gaindiko hizkuntz minorizatueko kideei formakuntza eskainiz, hizkuntza baten normalizazio eta biziberritzea helburu Euskal Herrian metatu dugun eskarmentu eta ezagutza abiaburu.
Esan dudan bezala, aberatsa izan zen elkarrizketa, eta, bereziki, gauza batek deitu zidan arreta: ustez elkarrentzat hain mapa eta geopolitika arrotzetakoak izanik ere, zein erraz eta zeinen ondo ulertu genuen elkar, ondorio berera iristeraino: munduak hartu duen jite aldrebes hau kontra datorkigula guztioi, baina gure hizkuntzak eta gure kulturak ditugula joera itzulikatu eta mundu justu, abegikor eta bizigarriago bat sortzeko lanabes.