Gaindituak uste genituen gertakari, jarrera eta, finean, garaiak, indarrez datozkigu bueltan. Egunotako Donostiako Egia auzoko jazoerak adibide: ultraeskuinaren mezuak eurenak eginda jende saldoa oldarkor migratuei eta etxerik gabekoei afari solidarioa banatzen dieten boluntarioen aurka, PPko 3 zinegotziak asaldatzaileen buru. Donostiako Udalaren ebazpena harrigarria: afariak banatzea debekatu du, elkartasuna gaitzetsi.
Galdera bat otu zait: euskararen normalizazioan ari garenok nola kokatu behar dugu halakoen aurrean? Ba ote dute loturarik bi auziek? Lotu behar ote ditugu? Baiezkoa da nire erantzuna, azpiratze logika beren bi adierazpen direla. Arestik bere garaian idatzia: "Beti paratuko naiz gizonaren alde". Euskalgintzatik promesa hori indar berriz birformulatzeko unea ote den: "Beti paratuko gara jendearen alde"