Jada Belagoa gaineko mendietan lehenbiziko elur malutak agertu dira!! Aurreko astean udako bero sargoriarekin izerdi patsetan genbiltzan eta hara, bapatean elurra eta guzti…!!! Sentsazioa daukat iraila hasi denetik, ikasturte berriarekin bat denboraren abiadura erabat azkartu dela. Ingurukoek ala somatzen dute ere bai eta duela gutxi Kolonbiatik gurera lehenbiziko aldiz etorri berria den lagun batek, sentipen hori ere partekatu zigun. Irratiko festan, zenbaitetan ere, azkar eta presaka agurtu ginen, gehienok lana, goiz altxatu beharra zela eta denborarik ez lasai egoteko. Eskerrak aspalditik Michael Endek, gizon grisen aurrean Momo eta bere dordoka erresistentzian dihardutela kontatu zigula.