Egunon, jada azaroan gaude…udazkenean sartuta bete betean. Asteburuan hasi ginen eta konturatu orduko aste osoa daramagu erronkarieraz leinabentu deritzoten hilabetean. Eta urtero moduan zuhaitzek haien janzkerarik dotorena erakusten digute; Pirineotako basoetan bainan baita Iruñerriko kaleetan ere. Maite ditut maite gorrixkak, horixkak eta marroi horiek. Are gehiago hegoaizeak hostoak astintzen dituenean eta kolorinetako elur moduko bat sortzen denean. Bainan zuhaitzek askatzea erabakitzen duten bitartean Azaroa, haziaren aroa, ereiteko aroa, omen da. Hortaz, udazkena aukera paregabea izan daiteke guk, gizakiok, ere gure haziak ereiteko edota balio ez zaizkigunak askatzeko eta botatzeko eta uxatzeko…Aurreko astean berriz beltz koloreko ufada batek urrun eraman zituen, gorrixka eta horixka ikurrak astintzera etorri nahi izan zituztenei. Ai ene…zurrunbilo honetan uste dut azkenaldiko hegoaize zoroak buruko ileak korapilatzeaz gain ideiak ere pittin bat nahastu dizkidala…