Aurreko astean antzerkiak salbatu ninduen. Aste gogorra izan ostean “Argako erregina” ezagutu nuen: Remigia Etxarren Aranguren, XIX. Mendeko funanbulista. Nik jada garai horietako Gaiarre eta Sarasaten berri banuen bainan artista honen ibilbideaz ezer gutxi. Condestable aretoan erakusketa artistiko bat ikusi nuen bai duela bizpahiru urte edo bainan ostiralekoa bestelako ezagupena izan zen; performatikoa, inmersiboa, hunkigarria benetan bere XXI. Mendeko avatarrak ekarri ziguna: Estefania de Paz Asin artistak.
Ikerketa baten ostean antzerki, zirku eta erritu majiko moduko bat prestatu digu Estefik, jada 200 bolo egin omen ditu emakume honen bizipenak eta lorpenak lau haizetara zabaltzen, sortu zituen zirrarak eta miresmenak gaur egunera ekartzen. Eta bihotza ferekatu zigun Europan barna zeruak zeharkatzen ibili zen funanbulista iruñarrak. Eguneroko albisteek bihotza dantza frenetiko batean jartzen diguten garai hauetan eskertzekoak dira kulturaren ferekak. Honetaz jada Gilles Lipovetsky filosofo eta soziologo frantsesak ohartarazi zigun: Kulturak eta adimen sortzaileak bakarrik salba gaitzakete. Azaroan Nafarroako Antzerki Eskolan Argako erreginak salbatzeko aukera emanen digu berriz ere.