Konklabea dela eta traje beltz eta gorriekin gizon mordoa ikusten gabiltz egunotan. Frantzisko aita sainduaren hiletak ere hainbat uniformez beteriko irudiak utzi zizkigun: bertan sotana beltzak eta kardinalen traje gorriak ziren nagusi. Mosaiko bitxia erakusten zuten goitik ateratako irudiek, dena super ordenaturik eta forma geometrikoak osatuz. Liturgietan murgilduta zebiltzan, bainan Euskal Herrian ere bai bagabiltz. Ez koordinazio berdinarekin bainan kolore eta aniztasun gehiagorekin behintzat bai. Aurreko asteburuan sudur gorriak jantzita 14.000 irri batu ginen bestelako liturgia pagano batean. Aiora Zulaika, Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguez eskertzera joan ginen euskal kulturgile batzuen nolabaiteko templu bilakatzen ari den BECera. Eta oso hunkigarria izan zen. Lekua handiegia eta apur bat hotza izan arren euskal plaza bilakatu genuen eta bertan maitasuna, irriak eta bizipoza nagusitu ziren.Ia 40 urteko ibilbidea egin ostean benetako aniztasuna batzea lortu zuten pailazo hauek larunbat arratsaldean. Ez daukat lekurik bertaratutakoak zerrendatzen hasteko hortaz niretzako akaso deigarriena izan zena ekarriko dut: ile urdindua zuten kuadrillak eta XXI. Mendeko ume zein gazteak, kadenetak egiten, sudur gorriak eta irrifarra jantzita. Hemengoa bai ortzadarren koloreko fumata, baietz beste 40 urte! Eskerrik askoooo!!
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!