Liburu bat erdizka utzi? Bai, eskerrik asko.
Aste honetan dugu ikasturteko irakurle taldearen bigarren saioa. Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak irakurri dugu bakoitzak bere aldetik, eta ostegunean aletuko ditugu eleberriaren xehetasunak. Proposamena kasik itsu-itsuan egin nien kideei. Idazlea ezagutzen nuen, baita lan honen inguruan zeuden iritziak ere. Baina lana ez. Beldur nintzen ez ote zen izango aukeraketa zoroegia. Eta, irakurri ostean, beldur izaten segitzen dut. Nire kapritxoa izan da hau irakurri eta komentatu nahi izatea.
Baina aizu, hori ere badute irakurle taldeek. Eta hori dute liburuek: ez zaizkigu beti gustatu behar. Beti esan ohi diet ez dela derrigorrezkoa liburua bukatuta etortzea, eta zilegia dela uztea liburu bat erdizka. Are, etorri, eta konta diezagutela zergatik ez zaien gustatu, zergatik utzi behar izan duten. Zeren hori behar du literaturak: gozamenerako bide bat ere bai. Bakoitzak bere gustuak ditu, eta elkarrekin norberarenak ezagutzeko aukera bat dira irakurle taldeak ere.
Beraz, liburuak erdizka utzi behar direnean, utzi. Kontatuko dizuet zer moduz joan den. Edo, are, etor zaitezte zuen begiez eta belarriez ikusi eta entzutera.