Adinkeria

Erabiltzailearen aurpegia Gurutze Izagirre 2021ko api. 21a, 12:22

Adinkeriaren definizioa jasoa dugu Berria-ren estilo liburuan. Esan nahi du hauxe: adina dela-eta egiten den diskriminazioa. Ez dakit diskriminazioa den, edo zuzenean, gizartearen abiadura frenetikoa bere esparru guztietan segitu ezin dutenak inbisibilizatzea den, existituko ez balira bezala. Izango dira adinekoak teknologiaren azken nobedadeak jarraitzen dituztenak, baina inguruan ditudan 75 urtetik gorakoek dute telefono bat zenbakiak dituena eta eskuko hatzekin saka behar zaiena deitzeko; batzuek buruz dakizkite behar dituzten telefonoak, eta banan bana sakatzen dituzte zenbakiak seme-alabei, senideei edo lagunei deitzeko. Gantxilozko edredoi handi eta konplexu bat josteko gai den emakumeak haririk gabeko telefonoko zenbakiak sakatzen ditu maiz, arreta handiz, ondo ari ote den kezkatuta. Batzuek sms bat begiratzen ez dakite, whatsapa existitzen dela bai, baina erabiltzen ez dakite. Laino birtuala urrun geratzen zaie. Ez daukate, eta ez dute zertan eduki wifia edo datuak telefonoan, sarean ibiltzeko. Bada, adin horretako askori sms bidez iritsi zaie COVID-19aren aurkako txertorako txanda hartzeko mezua. Eta ez dute baliabiderik, ez dakite sarean ibiltzen eta ez dute zertan jakin. Eremu pribatuan zein publikoan areagotzen ari den adinekoen kontrako jarreren beste erakusle bat da. Aurrez aurreko arreta zerbitzua eremu publikoan zein pribatuan murrizten ari bazen (banketxeak, osasun arreta, errenta aitorpena..) pandemiak areagotu egin du joera hori. Arrakala digitala gero eta handiagoa izango da martxa honetan, baina kudeaketan dabiltzanak ez dute esperantzarik izango zahartzarora iristeko, antza.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!