Euria iragarrita dago iganderako Katalunian. Jendeak botoa eman dezan ez da eguraldi iragarpenik onena.
Hortzetaraino armatuta zeuden poliziez josita zeuden hauteslekuetan ez zuten atzera egin 2017aren urriaren 1ean bi milioi boz-emaleek, baina herri kohesioa handiagoa zen orduan. Geroztik espetxeratu dizkiete lider nagusiak, erbestean daude beste batzuk eta Katalunian geratu direnek ez dute erakutsi helburu jakin baterako elkarlan zintzorik. 2021eko otsailaren 14ra iritsiko dira zatituta, inoiz baino boto paper gehiago izango dituzte aukeran botoemaileek.
Ez nuke hauteskundeak antolatzen ari denaren azalean egon nahi uneotan. Test antigenoak bermatu dizkiete hautes mahaitan egongo direnei, eta antza denez, ia %100ean bermatu dute mahaiak ireki ahal izango direla. Hori da lehen lana, baina igandean jendea zenbateraino aterako den bozkatzera, hori da iganderako galdera ikur handienetako bat.
‘Ensayo sobre la lucidez’ idatzi zuen Jose Saramagok. Hauteskunde egun batean hasten da eleberria. Euria ari du, giro arraroa somatzen da. Inor ez lehen orduetan hautetsontzietan. Halako batean hasten da jendea bozkalekuetara gerturatzen, eta emaitza da gero harrigarriena: %83ak zurian bozkatzen du. Zur eta lur geratzen dira gobernuburuak, zein konspirazio mota egon ote den asmatu ezinik. Saramagokeria eder bat.