Isun lizuna

Erabiltzailearen aurpegia Gurutze Izagirre 2020ko aza. 4a, 12:44

Joan da Brievako kartzelara, Galiziara, Euskal Herritik gaztea. Peru izena du. Izan zitekeen Karmele edo Amaia. Hezur haragizkoa da Peru. Ama kartzelan du, baina Euskal Herritik 800 kilometrora. Eta nola Espainia erkidegoetan banatua dagoen, eta erkidego bakoitzak koronabirusari aurre egiteko neurri bat hartu duen, ez zen ziur ditxosozko itxiera perimetralak Galiziara ama ikustera joatea oztopatuko zion. Eusko Jaurlaritzak argitaratutako boletin ofizialaren arabera lerro artean interpreta zezakeen baietz, kartzelarako bisitak baimenduak zeudela. 

Hala egin du aurrera Peruk, eta zorionekoa bera, bidaia egiteko bidai lagunak izan ditu. Abiatu dira eta iritsi dira haraino, Euskal Herritik 800 kilometrora dagoen kartzelaraino. Sartu da bisita egitera, eta joan dira bitartean lagunak inguruko taberna batetara, kafe bat edo roiboos bat hartzera, Peru amarekin kartzelan dagoen bitartean. Polizia zain zuten lagunek, ordea, kanpoan. Ez dela ezinbestean eginbeharreko bidaia ebatzi dute eta jarri diete 300 eurotako isuna, Peru ez beste lagunei. 

Bidegabekeria ankerkeriaren gainean eta segi, hala astebururo, zenbat doako nahigabe eta min, argirik apenas ikusten ez dutenak, intzidentzian geratzen direnak, Euskal Herrian baleude gertatuko ez zirenak.

Biktimengan bada gertatzen zaien bidegabekeria barneratu, normalizatu eta aurrera egiteko joera. Esparru askotara eraman daiteke hori. Baina ez luke hala behar. Gertaera batzuk ez dira normalak eta ez lirateke normalizatu behar.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!