Bildu, gorde eta transmititu

Erabiltzailearen aurpegia Gurutze Izagirre 2020ko urr. 28a, 12:27

Maravillas Lambertoren historia kontatzera doaz gaur ETB2ko Vamos a hacer historia saioan. 1936ko gerran bortxatu eta erail zuten 14 urteko neska gaztearena. Atzo gauean, berriz, Joseba Sarrionandiak eta Iñaki Pikabeak Martuteneko kartzelatik Imano abeslariak emandako kontzertu baten ostean bafletan ezkutatuta nola ihes egin zuten kontatu zuten ETB1n.

Donostiako Zinemaldian estreinatu berri da Non dago Mikel dokumentala. 1985ean Guardia Zibilak Zabaltza atxilotu eta hogei egunera Bidasoa ibaian hilik agertu zeneko egunak jasotzen ditu.

Bi urte, lau hilabete eta egun bat dokumentalak intsumisoen borroka eta inguruko sarea nola eratu eta aurrera eraman zen kontatu digu.

Harkaitz Canori entzun nion lehenengoz Twist liburuaren aurkezpenetako batean inportantea zela gure historia geuk kontatzea, beste norbaitek kontatuko duelako bestela.

Bizi gaituen pandemiari buruzko bilduma lan baterako hitzarmena egin zuten Labrit komunikazio taldeak eta Leitzako Udalak. Udaberriko itxialdi hartan, kaleak hustu eta dena itxi zeneko hartan, orduko bizipenak eta auzolanetik loratutako esperientziak bildu, gorde eta transmititzeko.

Ez dira deitu gabe etortzen, ez digute atea ostikoz botatzen, baina Jaurlaritzak argitaratu berri duen buletin berriaren arabera, herrikide ez diren maitaleak debekatuta dute elkartzea. Ekintza klandestinoa bihurtu dute maitalearekin elkartzea. Lanera joan zaitezke, hori bai. Gorde ditzagun egunotakoak ere, noizbait guk kontatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!