Oraindik urrian gaude, eta turroiak bazterretan ikusten hasi bagara ere, badirudi ez-gabonak gertu ditugula aurten. Iruñeko erregetako kabalgata bertan behera geratu dela iragarri dute, baita Gasteizkoa ere. Gasteizen errege kabalgataz gain, baita Olentzero ere. Donostian ere Olentzero bertan behera. Iruñean ez dut Olentzerorena bertan behera
geratu denik ikusi. Hala esan zidan niri semeak behin, ikaskide batek esan zionean
erregeak gurasoak zirela, lasai ederrean: eskerrak gure etxera Olentzero etortzen den! Beraz, ez dezagun ilusioa gal oraindik Iruñean.
Tolosako inauteriak, urtarrileko danborradak eta datorren urte hasieran ospatzekoak diren
beste zenbait jaialdi ere bertan behera geratzen ari dira, aurretiaz hilabete batzutako
iragarpenarekin gainera.
Kontu hau uste baino askoz ere luzeragorako joango da, itxura guztien arabera. Beste
aldera begiratzeak, ezikusiarena egiteak edo garrantzia kentzeak are gehiago zaildu
dezake gurutzebidea. Azaleratu ditu oinarrizko zerbitzuetan, osasunean eta hezkuntzan
zeuden gabeziak. Ezin ukatuko da alderdi, sindikatu, patronal eta erakundeen
erantzukizuna abagune honi aurre egiterako orduan. Baina horrek ez gaitu herritarrak
salbuesten. Ardura partekaturako tenorea da.