Patxi Ruiz euskal presoa gose eta egarri greban dago, gaur du hamargarren eguna, eta azkenaraino joateko prest dagoela diote haren gertukoek. Muturreko egoeran dago, kartzelan, Murtzian, EHtik urrun.
Egoera honetan protestatzea zaildu badigute ere, ugaritu dira Ruizen egoera salatzeko elkarretaratzeak, eta hainbat lagunek gose grebak hasi dituzte elkartasunez. Honetaz gain, Ruizen egoera salatzeko pintaketak egin dituzte zenbait lagunek alderdi politikoetako egoitzetan, zehazki alderdi sozialistaren eta alderdi jeltzaleen egoitzetan. Azkena irakurri berri dut, Idoia Mendiaren etxeko atarian jaurti dutela pintura. Eta atera dira alderdi jeltzaleko eta sozialistako ordezkariak beraien egoitzen aurkako “erasoak”, egoitzei eraso egitea baldin badago behintzat, erasoak gaitzestera. Eraikin baten aurkako erasoa irmo gaitzetsi dute.
Aldiz, alderdi jeltzale eta sozialistako kideei ez diet nik behintzat hitzerdirik entzun euskal herritar baten osasun egoeraz kezka agertzeko, egoera konponbidean jar daitekeen aztertzeko.
Pintaketek ez dakit laguntzen duten egoera honetan. Aspaldiko formuletara garamatzate, eta haiek zer eman zuten ere jakina behar luke. Baina ekintza horien aurrean arduradun politikoen aldetik ere iraganeko erantzunak berdinak izateak ez du egoera konpontzen laguntzen. Eta konpondu beharra dago, atzera bueltarik gabea izaterako.