Muturreko egoera honek ekarri dizkigu, agian, egunerokoan garrantziarik ematen ez genien gauzei beste era batera erreparatzeko aukera, atera ditu espero edo ezagutzen ez genituen gure aldeak, gure mugak gertuago ikusi ditugu, geuren indarrak ere bai, agian. Geureak eta geure lantaldeenak. Hor jarri nahi nuke fokua gaur.
Abagune honek eman dit beta berriz ere gogoratzeko lan egiten dudan taldearen balioa. Skype piztu orduko gai proposamen sortarekin kazetariak aioka, editoreak denei tokia egiteko ahaleginak eta bi egiten, anydesk-a erortzen denean tekniko informatikoak magia egiten berriz etxean eroso lanean segi ahal izan dezagun, diseinu lantaldekoak %200 ematen, euskara taldea ohi bezain fin, zierrea sekulako pazientziarekin prozesu guztian harrapatu ez ditugun hanka sartzeak konpontzen, webguneko lantaldea goizetik haririk eten ez dadin lan jarraian... baina norbere etxetik, erredakzioko saltsarik gabe. Ez nuen pentsatuko hainbeste faltan botako nituenik!
Etxeko bakardadean lanean ari bagara ere, taldea ari da egunero egunkaria aurrera ateratzen. Beste gauza on gehienak bezela, talde lanaren emaitza da gurea. Ikasgai hau ere berritu dezagun. Lantaldea zaintzen denean eta taldea aintzat hartzen eta sustatzen denean, dena da emankorragoa.