Nafarroara ere iritsi da koronabirusaren oihartzuna. Balizko kasuak egon daitezkeela eta piztu dira alarmak. Guztiek eman dute negatibo, baina Munduko Osasun Erakundeak ere eman du oharra: “Mundu mailako balizko pandemia batetarako presta gaitezen”, ohartarazi du. Beldurra libre da, ez du mugarik. Baina datuei hel diezaiegun, munduko osasun erakundeak berak emanda: Koronabirusak kutsatutako zenbat hiltzen da? Wuhanen, sorburuan, %2 eta %4 artean, eta Wuhanetik kanpo %0,7. Oraingoz.
Antza denez ikertzaileak buru belarri dabiltza bakunaren bila. Litekeena omen da apirilaren amaierarako izatea frogarako lehen bakuna. Bien bitartean nabarmena da zenbat arlotan izaten ari den eragina, baina alarmari neurria eman diezaiogun.
Inauterietako mozorro bati jarraiki, koronabirusa ez, birusa koronari daukat nik ere. Estatu kolpe bat martxan jarri eta geratu zuen Espainiako Koroari, hain zuzen. Pilar Urbano kazetariak, Espainiako monarkiaren onespena duenak, hala esan berri du ezin argiago ETB2ko 360 gradu saioan. Inboluzioan sakondu zen 1981eko otsailaren 23 hartatik, eta koroa indartu zen. Haientzat inmunitatea totala da, ordea. Ez dago horien kontrako bakunarik. Birus horrek eragin dituen sarraskiak Espainiako Inteligentzia Zerbitzuko bulegoren batean geratuko dira zerratuta betiko.
Bitartean, koronabirusak alarmatuta segituko dugu.