Gaur Bizkaira begira jarri beharra nago. Mendi bat amildu da, zaborrez betea, Gipuzkoa eta Bizkaia lotzen dituen AP-8aren gainean, jakingo duzuenez, Zaldibarren. Irudiak ikusten ditudanero, ordea, bi gorpu ikusten ditut, bere senideek eta lagunek hartzeko zain. Lanera joateko, iragan ostegunean goizean etxetik atera ziren, itzuliko zirelakoan, baina zabor eta lur artean geratu dira.
Hamahiru langile hil dira dagoeneko aurten, otsailaren 12rako, Hego Euskal Herrian. Berria-n argitaratutako datuen arabera, iaz 98.000 lan istripu salatu ziren, eta 46 langile hil ziren lanean.
Hildakoen profila begiratuta ia denak dira gizonezkoak, eraikuntzan, kalean, altueran, makina astunekin edo toki arriskutsuetan lana egiten dutenak, oro har. Lotzen dira langile klase bati. Lanagatiko gorputz zigortuak dituztenak gehienak.
Gertakari hauen aurrean, uste duzue erantzuna berdina izango zela hildakoak futbolariak (noski, gizonezkoak) balira? Edo klase exekutibo altukoak balira? Edo erakundeetako eta administraziotako langileak balira? Edo kazetariak bagina, zergatik ez?
Lanera joan eta hiltzen den langilearen berri labur batean emateak kezkatzen nau, edo irratiko bi lerroko aipamen batean uzteak ere bai. Hori naturalizatzeak izu-ikara eragiten dit.