Etorri da semea ikastolatik etxera, eta amari esan dio: “Ama, Peruk esan dit zuek bollerak zaretela”. “A, bai? Hori esan al dizu?” -Erantzun dio amak, eta gehitu du: “Esan al diozu Peruri bere gurasoak heterosexualak direla?”. Aurpegia aldatu zaio semeari, algaraka hasi da, ‘he-te-ro-se-xu-al’ oihukatuz, birao bat balitz bezala. Bollera bezain gaizki etortzen baitzaio belarrira heterosexual hitza.
Hortxe egon daiteke gakoetako bat totem normatibo horiek iraultzeko. “La risa puede ser suversiva” entzun nion lehen aldiz Portugalgo antropologa bati. Subertsiborekin esan nahi baita ‘ordena soziala aldatzea xede duena’. Alegia, ordena soziala baldin bada senar-emazte ezkondu zuri aberatsen semea ez den beste guztia deseroso senti daitekeela ikastetxeetan… has gaitezen irriarekin ordena iraultzen, ezta? Hori eta gehiago beharko da eta.