Ez esan gabon hauek informatiboki arras intentsoak izan ez direnik! Cordovillako egunkariak markatu zigun bidea Eguberriak hastearekin batera: “Papa Noel emprende viaje para llegar a tiempo a todos los hogares” Vs “Olentzero causará alteraciones de tráfico este martes en el centro de Pamplona”. Dena ondo, nor bere tokian.
Hemen beste berri batzuk: Iñaki Abad eta Aratz Urrizola Altsasuko zazpi gazteetako bi hasi dira kartzelatik ateratzen, irteera mingotsak izanik ere: lotara itzuli behar dute eta lagunak barruan utzita ateratzen hasi dira.
Bestetik, abenduaren 30ean EAJren EBBko buruak, Andoni Ortuzarrek, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua babesteko aurkeztutako akordioan jaso ditu trafikoaren eskuduntzak Nafarroarako. Ez esan jeltzaleen negoziatzeko eta akordioak iragartzeko estrategiak harrigarriak ez direnik gutxienik.
Eta urtea ez da salbu hasi indarkeria matxistari gagozkionean. Azkena, Orkoienen.
Europako Justizia Auzitegiak Kataluniako afera nola judizializatu den bistarazi du Europan. Junqueras, Puigdemont eta Comin eurodiputatu dira.
Eta ginga Trumpek jarri du Iran jomugan jarrita, Soleimani militar buru indartsuena garbituta. Ikusteko dago honek nazioartean zabaltzen duen panorama.
Esan gabe doa Espainiako Gobernuaren inbestidura saioak piztutako giro liskartsuak ere markatuko duela erabat hasi berri dugun urtea.
Jokerrak ernatzen hastea besterik ez dugu falta. Urte berri on!