Barkatuko duzue nire ezjakintasuna, baina ez da denbora asko jakin nuela enpresek kutsadura eros zezaketela. Ez da broma. Alegia, tximinietatik airera isurtzen duten kearekin batera tonaka ateratzen den CO2a eta haren familiakoak denok arnasten dugun airera botatzeko baimena diruarekin erosten dute. Administrazioei pagatzen diete. Esaterako, 10 tona kutsadura 100.000 euro. Enpresek kupo bat dute isurtzeko gainera, baina bere kupoari dagokion guztia bete baldin badute, ez galdu hau, beste enpresa baten kupoa ere eros dezakete CO2a botatzen segitzeko. Gas hori da aldaketa klimatikoa eragiten duen gas igorlerik handiena.
Ba al dakizue gainera nola zuritzen duten ordainketa hori? Diru hori gero energia berdea garatzeko inbertsioetara bideratzen dela esanez.
Gizon txuri korbatadunak irudikatzen ditut guztion airea kutsatzeko isuri beharreko zaborraren kupoak negoziatzen, gainera, ez dakit zergatik. Agian nahastuta ibiliko naiz hemen ere. Tximinietako ke horiek nahastuko ninduten.