Ihesi?

Erabiltzailearen aurpegia Gurutze Izagirre 2019ko urr. 30a, 12:22

A ze sustoa eman zidan atzo bizilagunak, ezkaratze ilunean, izerdi patsetan estiramentuak egiten ari zenean! Korrika egitetik etorri berria zen. Zaila da korrikalariei izkin egitea udazkenean. Etzi bertan 15 kilometroko korrika lasterketa bat duzue Iruñean, harresien korrika lasterketa. Zer dira 15 kilometro? Eta beste bost erantsiz gero, Behobiara zuzenean. Googlek txibatu dit 2017an 1.700 napar izan zinetela Behobia-Donostia lasterketan. Aurten ere ez zarete askoz ere gutxiago izango.

1919an egin zen lehen Behobia-Donostia. 1979ra arte, 15 egin ziren, tartean izan zelako dena ilundu zuen eta markatu zuen frankismoaren aro beltza. 1979an, ordea, berriz heldu zioten, eta 1.000 lasterkari elkartu zituzten orduan, duela 40 urte. Sekulako jendetza zen garai haietarako. Geroztik ez du etenik izan, eta hazten joan da etengabe parte-hartzaileen kopurua.

Nago, ordea, ez ote den arinkeriaz hartzen 20 kilometro korrikan egitea. Askori, ordea, motz geratu zaizkie, eta asmatu dituzte ultrailak, eta muturrera joan da, Nirmal Purja eskalatzaile nepaldarraren marka daukagu, hamalau zortzimilakoak igo ditu 190 egunean. Ez zaizkigu faltako aurrerantzean erronkari helduko diotenak ere.

Korrika egitea osasuntsua da, ados. Ni ere pasa naiz Behobia-Donostiatik, aitortzen dut.

Baina sekulako esfortzua eskatzen duten gero eta kirol froga gehiago daude, eta jendetzak ematen du izena. Ze nezesidade? Ez al gabiltza ero moduan norabait ihesi?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!