Enfokea

Erabiltzailearen aurpegia Gurutze Izagirre 2019ko urr. 23a, 12:22

Nafarroan gehien saltzen den egunkariko argazki batek eman dit atentzioa. Polizia etxe baten aurrean elkarretaratzea egin dute poliziek eurek, Katalunian dauden poliziei elkartasuna adierazteko.
Iragan astean zabaldu diren irudien argitara, badirudi Katalunia osoa sutan egon dela, eta poliziak, hortzetaraino armatuak, ezin izan dutela eskuan gehienera jota harriak baino ez zeuzkaten gazteen aurka.
Bartzelonan bertan neure begiekin ikusi ahal izan dudanaren arabera, bi egunetan izan dira batez ere istilu larriak: iragan asteartean, eta Bartzelonako proportzioa Iruñera ekarrita, demagun Iruñeko Sarasate pasealekuko zati batean eta haren perpendikular batean manifestariek edukiontziak gurutzatu, eta su eman zietela kaleei. Irudiak ikusgarriak dira, ezin ukatua da. Eta bestetik,ostiralean, demagun, gaztelu plazaren albo bat, eta Bianako printzipearen plazara doan ibilbide nagusia hartu zuen jendeak, edukiontziak gurutzatu zituzten eta su eman zieten. Alegia, ia Iruñea osoa ez litzateke su haietaz ohartu ere egingo, telebistan zuzenean eman ez balituzte. Iturraman, Arrotxapean edo Txantrean bizi direnek ez zuten ezer sumatuko.
Zergatik diodan hau? Inpresioa dudalako asko gaindimentsionatu dela istiluen gaia Katalunian, interes jakin batzuei erantzuteko. Askoz ere gehiago eragin zuen auzo guztietan, esate baterako, ostiralean Bartzelona kolapsatu zuten Askatasunaren Aldeko Martxek. Norberaren ardura da enfokatzea, eta gaur egun baliabideak badaude fakenews-etaz ihes egiteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!