Egunak argazki asko ekar diezazkiguke gaur. Hiru aukeratu ditut: Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzea ebatzi duela Espainiako Auzitegi Gorenak; Greta Thunbergek larrialdi klimatikoaren harira NBEn egindako adierazpenak; eta Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak legez kanpoko jo izana Boris Johnsonek parlamentua ixtea.
Lerroburu horiek ematen dute munduaren inboluzioaren tamaina, hainbat ertzetatik begiratuta. Alegia, diktadore bat oraindik ere gurtzen jarraitzen dute, eta ikusteko dago hautsak nola harrotzen dituen auzitegiaren erabakiak; larrialdi klimatikoaz ohartaraztera hamasei urteko emakume batek joan behar izan du NBEra, eta ikusteko dago horrek ere emango duena; eta Erresuma Batuko lehen ministroak parlamentua itxi egin zuen, herritarren etxea, alegia. Auzitegiak aste batzuetara jo du hori legez kanpoko.
Serieak boladan daude, eta hiru argazki horiek ikusita, Years and Years-en amaiera etorri zait gogora. Ez dut espoileatuko den-dena. Ideia bat bakarrik: boto paperek ez, kamioilariek, informatikoek… horiek lortzen dute iraultza.