Jaio nintzen egunean, Iruñeko alkatea Javier Erice deitzen zen. Pasa den astean hil zen, nahiko ahaztuta, edo agian, garai twitter-gorroto-dependente hauetan, heterodoxo baten oroitzapena ez da gehiegi interesatzen...
Erice izan zen Francoren gobernadore zibilak izendatu ez zuen lehenengo Iruñeko alkatea: mediku ezkertiarra zen, eta eliteen aurkako borrokalari sutsua. Alkate gisa hamar hilabete bakarrik iraun bazuen ere, oraindik egin gabeko iraultza txiki batzuk abian jarri zituen. «Xisterak, gaur egun, ez du batere zentzurik, eta nahiago izan dut zezenketetan presidente ez izan», adierazi zuen Sanferminetarako lau egun falta zirela.
Edo: «Riau-Riaura eta prozesiora kaleko arroparekin joango naiz. Ekitaldi laikoak eta erlijiosoak bereizi behar ditugu, egunen batean alkate luteranoa edo ateoa izatea aurreikusi behar dugulako». Agian, gutxi batzuk gogoratuko dute Erice izan zela Iruñeko Udaletxeko balkoian ikurriña paratu zuen alkatea.
Alabaina, bere Nafarroako eliteen aurkako jarrera garesti ordaindu zuen: enpresariek lortu zuten gobernadore zibilak Erice alkatetza kentzea, euren interesak arriskuan ikusi zutelako. Hilabete batzuk ziren, baina 48 urte ondoren, gogoratzeko aukera eman digu Javier Ericek, 'beti arte' esateko tenorean.