A ereduan ikasi zuten askok gaur euskaldun osoak dira. Orduan, A eredua ez zen nahikoa euskalduntzeko, jakina, orain ez den bezala. Hala ere, orduko haiek euskararen bideari ekin zioten, eta euren semealabek D ereduan ikasten dute gaur, orokorrean eta salbuespenak salbuespen.
Jende askori kostatu zaio bilakaera hori ontzat ematea, baina orain, badirudi badagoela sasimugimendu bat A eredua Nafarroa osoan hedatzeko helburuarekin. Behintzat, ikasle guztiek izango lukete euskararekin kontaktua eta horrek ahalbidetu lezake euskararen ezagutza eta erabileran benetako urratsak ematea, tarteko helmugak gaindituz.
Ez dira faltako askatasunaren aldeko aldarriak, euskara inposatzea dela esanez eta abar eta abar... Tira, hezkuntza, berez, inposizioa da, kontzeptu gisa. Nork aukeratu dezake Matematikak edo Natur Zientziak ikastea? PAI eredua, ingelesa derrigorrezkoa, aipatu gabe, jakina. Hori inork ez du inposizio gisa ikusten?
Agian, benetako eskubideen inguruan gehiago hitz egin beharko genuke: ikasleen eskubideak eta ez gurasoen eskubideak. Nafarroako ikasle guztiek ez dute eskubiderik hemengo hizkuntza ezagutzeko, akaso?