Otano herri txiki bat da, Alaizko mendilerroko magaletan; jaiak abuztuaren 15ean ospatzen ditu. Beraz, gaur ez da Otano herriaren eguna.
Javier Otano Nafarroako Gobernuaren presidentea izan zen eta orain gogora etorri zaigu Ardanza lehendakariaren heriotzarekin batera. Biek sinatu zuten bi erkidegoen arteko ituna, eta horren ondorioz norbaitek erabaki zuen Suitzan kontu korrontearen afera albiste bihurtzea orduko Gobernuarekin amaitzeko. Baina ez, horregatik ere ez da gaur Otano eguna.
Otano eguna gaur da, 112 urte irekita egon ondoren, Iruñeko San Nikolas kaleko taberna ixtear dagoelako, euren jabeek 'pelotazoa' eman nahi dutelako: langilerik gabe, negozioa askoz garestiago salduko dute. Gehienak emakumeak eta etorkinak dira, eta urte luzez daramatzate bertan lanean.
Pandemiaren itxiera pairatu zuten, oso baldintza eskasetan, Otano tabernak Gobernuaren dirulaguntza oparoak jasotzen zituen bitartean.
Gaur Otano eguna da langileak greban daudelako, euren lanpostuen defentsan.
Otano tabernan egunero bazkaltzen zuen Amadeo Marcok, Diputazio frankistaren burua zenean, eta bere atean burutu zen OTANen aurkako Iruñeko lehen mobilizazioa: 'OTANo, bases fuera' lemapean.
Baina benetako Otano eguna gaur da. Bertan ikusten dugu elkar.