Iruñeko denda bat hautatzea eskatzen badidazue, apur bat pentsatu ondoren, erantzun garbia emango nuke: Abarzuza liburudenda. Beste denda batzuk gustatzen bazaizkit ere, Santo Domingo aldapako lokalean sartzen garenok maitatuak sentitzea ez da beste lekuetan hain modu agerian gertatzen.
Bere apaltasunean, Abarzuzak biltzen du urtean zehar behar ditugun gauza asko: testu-liburuak, bulego materiala, prentsa... Eta euskal kulturaren erreferentzi ugari. Hori guztia, metro karratu gutxitan, etxeko giroan eta Martzelaren laguntzarekin beti... 80 urte Alde Zaharrean leku ezberdinetan egon ondoren, arriskuan dago Abarzuza irekita jarraitzea.
Saltoki txikien krisiaz hitz egiten dugunean, badirudi zerbait abstraktoari buruz ari garela, baina Abarzuzaren erakusleihoa itxita irudikatze hutsak hezurmamitzen du zer tamaineko altxorra galtzeko zorian gauden... Ez da alferrik izango, hala ere, gure bihotzek badakite.