Langileak bai, autoritatea ez

Erabiltzailearen aurpegia Ivan Gimenez 2024ko ots. 15a, 13:05

Zein da ospe txarrenik duen ogibidea? Ez dakit ados jarriko garen, baina, seguruenik, sailkapen guztietan diskoteken atezainak daude. Nork ez du inoiz esperientzi txar bat pairatu? 

Tira, egia da oroitzapen txarrak iltzatuta geratzen zaizkigula, eta euren eginkizunak modu zuzenean egiten dituztenean, ba ez dugu txalotzen. 

Egia esan, ez dugu lan hori kontuan hartzen, baina, azken finean, langileak dira eta funtzio bat bete dutela.

 

Aste honetan, Parlamentuan egon dira, gogoratuz orain dela aste batzuk diskoteka baten atezaina hil zutela lanean ari zela. Lan istripu hilgarria izan zela gogoratu behar da, dudarik gabe. 

Euren aldarrikapenen artean, formazioa eta gaitasun agiria jasotzeko aukera dago, sektorea ordenatzeko nahian. 

 

Badirudi Gobernuak proiektu horiek martxan jarriko dituela, baina espero dugu beste aldarrikapenak kontuan ez hartzea, besteen artean, autoritate-agenteak direla aitortzekoa, poliziak, suhiltzaileak edo basozainak bezala.

Nonbaitetik hasteko, autoritate-agentea izateko funtzionarioa izan behar da, eta horri esker funtzionario horien adierazpenek eta akusazioek egiazkotasun-presuntzioa daukate...

Irudika ezazue, mesedez, diskoteka baten atarian istiluak gertatzen badira, benetako bertsioa noren ahotan egon daitekeen... Diskoteken atezainak langileak dira, bakarrik. Gehiagorik ez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!