Sendaviva, hildako bidea

Erabiltzailearen aurpegia Ivan Gimenez 2024ko ots. 1a, 15:15

80 milioi euro diru asko da. Ez litzateke nahikoa Osasunbidearen gabezi guztiak konpontzeko, baina, adibidez, Lizarrako larrialdiak eta bertako Zaintza Intentsiboen Unitatea sortzeko 7 milioi euro bideratu dira aurten: erreferentzi gisa erabil daiteke neurtzeko ea 80 milioi euro asko ala gutxi dira, beti ere inbertsio publikoaren inguruan hitz egiten dugunean.

 

Tira, 80 milioi euro kostatu zaigu nafar guztioi Sendaviva parke tematikoa bizirik mantentzea, azken 20 urtetan, Miguel Sanzen gobernuak sortu zuenetik, Erriberarako inbertsio estrategikoa zelakoan. Kontuen Ganberak dioenez, diru hori galduta dago, eta parkea irekita jarraitzeko, urteko 5 edo 6 milioi euro behar dira. Kopuru osoa Aurrekontu Publikoetatik dator, Nafarroako Gobernua akziodun minoritarioa bada ere. Kolaborazio Publiko-Pribatuaren enegarren miraria...

 

Kontuan hartuta urtean zenbat sarrera saltzen diren, bezero bakoitzari 32 euro oparitzen dizkiogu, denon artean, Sendavivaz gozatzeko. Hau da, Arguedaseko lehiatilan ordaintzen den bezainbeste. Konponbide argia da: sarreraren prezioa edo bezeroen kopurua bikoitzea, hain justu Kontuen Ganberak aholkatu duena. Hala ere, Parlamentuan ia aho batez esan dute Sendavivak irekita jarraitu behar duela, "estrategikoa" delako.

 

Sendaviva hildako bidea dela ikusi duen bakarra enpresaren gerentea izan da. Bere estrategia: agur esan du.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!