Batzuk joan ziren lehenago, Gerardo Plaza edo Mari Abrego, adibidez. Aste honetan, Iñaki Aldaia joan zaigu. Gaurtik ikusita, zortzi milako mendi baten tontorra zapaltzeak ez du ezer berezirik, dagoeneko milaka lagunek lortu dutelako. Baina orain dela 45 urte, haiek ziren lehendabiziko nafarrak, Dhaulagiri izeneko mendian, Nepalen.
Jakina, espediziokide guztiak ez ziren tontorrera iritsi, baina talde osoaren arrakasta izan zen. Abentura mitiko bat bihurtu zen, eta ordutik 25 urte bete zirenean, Iñaki Aldaiak bidaia prehistoriko hura kontatu zigun, betiko graziarekin. Materiala Land Rover batean eraman behar zuten Iruñetik Nepaleraino, eta dozenaka lagun kontratatu behar zituzten hori guztia mendiko magaletara eramateko. Pasadizo bitxien artean, badago bat niri iltzatuta geratu zitzaidana, Iñaki Aldaiak kontakizunetarako zeukan gaitasunagatik, agian.
Nepaldarrei gauero ordaintzen zieten, eskura, jakina, eta eguneko soldata kartetara jokatzen zuten. Beti tipo berdinak irabazten zuenez, Aldaia beldur zegoen, istilu larriak sor zitezkeelako, eta erabaki zuten tipo horrek garraiotzen zuen janaria kontsumitzea, eta bere herrira bidaltzea. "A ze sorpresa hartu genuen -gogoratzen zuen Aldaiak, barrezka-, tipo horrek, karga ez bazuen ere, gure atzetik jarraitzen zuela ikusita, besteen soldata kartetan irabazteko".
Tira, Iñakiren azken oroitzapena alaia izan dadin, bera zen gisa.