'Aranzadi Brigada' espresioa entzun nuen lehen aldian, harritu ninduen La Vanguardia egunkariaren politikari buruzko zutabe batean irakurtzea. Geroago jakin nuen 'Aranzadi Brigada' bazela Estatuaren abokatuen taldearen ezizena, Nafarroako argitaletxe juridikoaren izena baliatuz.
Baina lehen kolpean, burura etorri zitzaidana ez zen hori izan, baizik eta Arantzadiko parkearen urbanizazioan lan egiten zutenak: Arantzadiko brigadak.
Aste honetako kontua, ordea, parkea da: bukatu omen dira Arantzadiko zaharberritze lanak. 16 urte iraun dute, eta 6 milioi euro kostatu da. Emaitza ikusita, galdera asko egin ditzakegu, eta nik erantzun bakarra daukat. Hain justu orain dela 16 urte urbanista bati entzundakoa.
Arantzadirako bisita ofizial baten erdian, ideien leihaketan parte hartzera Brasiletik etorritako urbanista horri galdetu nion: Zer aldatuko zenuke hemen? Eta berak erantzun zuen: "Hiriaren erdian altxor hau ezagututa, nik ez nuke ezer ukituko".
Sei milioi euro gastatu ondoren, norbaitek pentsa dezake Arantzadi hobetu dutela?