Osasunaz gainezka

Erabiltzailearen aurpegia Ivan Gimenez 2023ko eka. 8a, 12:11

Azken egun hauetan, dena da Osasuna.

Iruñeko Zabalgunetik banabil, denda askoren eskaparatean Osasunaren aldeko mezuak ikusten ditut, Errege Koparen finala oraindik jokatzeke balego bezala. Akaso bertan iraungo dute hurrengo finalera arte; beste 18 urte, agian?

Sanferminei inguruko ekaineko ohiko konbertsazioetan, Osasuna ere sartu da, txupinazoa botatzeko ohorea berriro dagokiolako Nafarroako futbol talderik nagusiari, kasu honetan alkate ohiaren nahia asetzeko, eta populismoz gainezka erabaki baten ondorioz.

Nor ausartuko da horrekin ados ez dagoela esatera?

 

Dena da Osasuna. Europa hitza entzuten dudan bakoitzean, Osasunak Europan jokatuko duelako da. Semeekin hitz egiten dudan bakoitzean (zoritxarrez gero eta zailagoa da, bizi-legea denez), Osasuna da ia ia hizpide bakarra; edo Osasunaren aurka jokatzen dute larunbatean, edo telebistan Osasunaren partida komentatzeko beharrean nago.

Hala ere, aitortu behar dut ni ere pozik nagoela. Ni ez nintzen egon La Condominan, orain dela 43 urte, Txuma Randezen gola ikusten; nik ez nuen Santiago Bernabeuko Jan Urbanen miraria ikusi; ni ez nintzen Madrilera joan Betisen aurkako finala galtzeko, eta aurten Sevillara joatea ez zait ezta burutik pasa ere.

Eta hala ere, pozik nago.

Gora Osasuna, gaixotasuna bihurtuko den arren!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!