Egun berean (baina egunkari ezberdinetan) Iruñeko trafikoari buruzko bi informazio osagarriak agertu dira, nahi gabe izanda ere. Batean, esaten digute bizikletak inplikaturiko istripuak %20a igo direla, pandemiaren aurreko urtearekin alderatuta. Zenbakitan, 174 istripu dira, baina ez dakigu zein den 'inplikatuta' hitzaren esanahia: ziklistak borreroak ala biktimak dira? Ñabardura garrantzitsua da, irakurketa soziopolitikoa eta urbanistikoa egiterakoan. Aldiz, arretaz irakurtzen badugu, datu klabea aurkitzen dugu: guztira, 2.788 istripu izan ziren iaz, beraz bizikletak inplikaturiko istripuak %6a dira... Beste guztiak kotxeek eragiten dituzte.
Beste egunkarian, esaten digute iaz 800 gidarik positibo eman zutela alkoholemia kontroletan, eta %80aren kasuetan, gizonak. Hori guztia, Iruñeko mugetatik atera gabe... Beste datu deigarria kontatzen digute: 'Juevintxoaren' eragina. Egun horretan kontrolak areagotu dira, eta badirudi hor dagoela positiboen igoeraren arrazoiaren bat.
Zer gertatuko litzateke bi egunkarien informazioak gurutzatuko bagenitu? Kotxea, alkohola eta rokanrola uztartzeko aukera paregabea.