2035. urtean erregaiekin doazen kotxeak debekatuko direla irakurri dudanean, begiak egunkaritik altxatu ditut eta kalera begiratu dut. Hasi naiz ibilbide mentala egiten, Iruñean zehar, kalez kale, kotxerik gabeko hiria irudikatu nahian. Baina ezin.
Kotxea erabiltzeko diseinatutako hirietan bizi gara, dena dago horren arabera antolatuta: semaforoak, zebrabideak, errotondak, espaloi estuak, etorbide zabalak...Kotxe-gidaria naiz, baina oinezkoa ere bai, eta batzuetan, txirrindularia. Baina bakarrik kotxez nabilenean sentitzen dut lehentasuna dudala, hiria niretzako eginda dagoela. Semaforoak koordinatuta daude trafikoaren jarioa ez oztopatzeko. Oinezkoa bazara, aldiz, semaforo guztietan gelditzea tokatzen zaizu, ezinbestean.
Eta irakurri berri dut hemendik 12 urtera ezin izango direla kotxerik saldu. Elektrikoak bai, hala ere. Badakit, irudimena urrunera eraman dut. Baina, akaso, kotxe elektrikoaren erlijio berria ere urrunera eraman nahi dute.