Uste dut Hertzainak-en kontzertuetara ez naizela joango, eta horrek esanahi ezberdin izan ditzake; zahartzen ari naiz eta kontzertuetan nekatzen eta aspertzen naiz (edo alderantziz, batek daki); edo kotxea hartzeaz kokoteraino nago eta ez naiz Bilboraino gidatuko; edo 'Estatuari gerra, gerra beti' entzuteak beldurtzen nau. Ez naiz gehiago luzatuko, gerra hitza dagoeneko agertu delako.
Atzo irakurri nuen David Rieff kazetariaren esaldi bat, Iruñean esandakoa: "Gaur egun Ukrainan negoziatzeko ez dut ikusten ez aukerarik ez borondaterik". Iugoslabiari buruz idatzi dituen liburuak irakurri ditugunok oso serio hartzen dugu David Rieff-ek dioena.
Hau da, gerrak bere horretan jarraituko du sine die. Edo sain dei, Miguel Sanz-ek esango lukeen moduan.
Egunero hiltzen da jendea, herrialde bat suntsitzen ari dira, eta ez dakit zeren zain gauden... Gerra betirako, beraz? Nik ere burua ohearen azpian ezkutuko dut gerra hitza ez entzuteko, eta Hertzainak-en kontzertuetara ez naiz joango. Baina agian, arrazoia beste bat izan daiteke. Pentsatuko dut.