Herenegun, Nico Williams berriro albisteen protagonista bihurtu zen, kasu honetan Espainiako futbol selekzioaren gol erabakigarria markatzeko azken pasea eman zuelako. Espainiak aurrera egin zuen, Portugal bazterrean utzita. Baina ez, gaur ez dugu futbolaz hitz egingo, ezta euskarari buruz ere ez (irrati honetan Irati Goikoetxeak esandakoari ezin diodalako ezer gehitu).
Zoritxarreko elkarrizketa haren Nico Williams-en beste erantzun baten erreakzioak hona ekarri nahi ditut:
-"Zer eskatuko zenioke Pedro Sanchez-i?
-Zergak jaistea".
Tira, denok dakigu Williamstarren ama Euskal Herrira etorri zela Melillako langa gaindituta, eta ze haurtzaro zaila pasa zuten Iruñeko Arrotxapea auzoan... Orain esateko zergak jaitsi behar didatela, gaur egun aberatsa naizelako? Ez dut uste Nicok ahaztu duenik nondik datorren, askok gogoratu diotelako egun hauetan, baina bai asko ikasi behar duela gazte ospetsua bihurtu zen momentutik. Esaten duenak oihartzun handia izango du, eta berak ezin du aukeratu: nahitaez, nolabaiteko Afrikako etorkinen bozeramaile ofiziosoa bihurtu da, modu injustu batez, nahi baduzue... Beraz, zama horrekin bizitzen ikasi beharko du. Gaztea, ospetsua eta aberatsa izatea ez zaio dohainik aterako.