Astean behin, aste bakar bat falta gabe, Enrique Maya txoko honetara dator. Iruñeko inoizko alkaterik tristeena izanik, ez da gauza makala. Behintzat, hemen agertzea arrakasta gisa aurkeztu dezake, beste porrot guztiak konpentsatzeko.
Orain, badirudi ez duela lortu nazioarteko artista handi baten makrokontzertua kontratatzea eta pandemia osteko lehen Sanferminetara ekartzea. “Oso garestia dela” diote, “Ukrainako gerraren ondorioz, beste arrazoien artean”. Tira, agian gerra horri zerbait eskertu beharko genioke. Urteko 356 egunetan, Iruña da beste hiri asko bezala: arrunta, distirarik gabekoa, munduko fokuetatik kanpo dagoena. Aspergarria? 'Tardeoa' ez bazaizue gustatzen, aspergarria ere bai.
Alabaina, urteko 9 egunetan, Iruña oso bestelakoa da: dinamikoa, distiratsua eta dibertigarria. Agian, zikina ere bai, baina hori ez du makrokontzertu batek konponduko. Beste modu batez esanda, Sanferminetan behar ez dugun gauza bakarra makrokontzertu bat da. Seguruenik urteko beste hilabeteetan ere ez, baina Sanferminetan? Eta Navarra Arenan? Eta diru publikoarekin ordainduta? Onerako edo txarrerako, dagoeneko makrojaiak ditugu. Momentuz, nahikoa da.