Maya alkateak lau botila erraldoiekin hornitu dizkigu botilioi egiteko Iruñeko lekurik egokienak, “auzokideak nekatuta” eta “Bai aisialdi arduratsuari” lelopean (gaztelania hutsean, dena esateko). Esan ez dutena da zenbat kobratu duen kanpoko agentzia batek horrelako lana egiteagatik, baina jakingo dugu… Dena den, botilioia legetik kanpo uztea da pandemiatik ateratako ondorio politiko zuzena, ia oharkabean pasa dena. Kalean edatea debekatuta dago, eta kitto. Ulertuko nuke kalea zikintzearen aurkako kanpainak egitea edo agian, isunak jartzea. Ez dakit. Baina kalean edatea debekatu digute. Digute? Mmm, bitan pentsatu behar dugu plural hori. Kasu honetan, Indurain estiloko plurala kili-kolo dago.
Adibidez: 30 urtetik gorako herritarra bazara, tabernako terraza batean eserita bazaude edo zure auzoko jaietako kalderetetan parte hartzen ari bazara, edan dezakezu ahal duzun guztia, kalean eta poliziaren aurpegian bertan. Aldiz, 20 urteko gazte bazara, eta ondoan dagoen bankuan eserita bazaude litrona batekin, isuna eroriko zaizu, bai ala bai, agian kalderete horretan dagoen auzokide batek salatuta.
Botilioia legezkoa eta oso jatorra da bakarrik ez hain gazteak direnetzat, bistan denez.