Gaztelaniaz ikasi, euskaraz ikasten ari garelakoan

Erabiltzailearen aurpegia Agurne Gaubeka

Aurreko hilabetean Nafarroako Unibertsitate Publikoak euskara plan berria onartu zuen (2026-2029 epealdirako).  Arretaz aztertu ostean deigarriak egiten dira datu batzuk, besteak beste:

-Euskarazko ikasketen eskaria zein den aztertzeko, matrikulatu direnen artean euskararen ezagutza duten ikasleen kopurua kontuan hartzen da. Non geratzen dira euskaraz ez eskaintzeagatik beste unibertsitate batzuetara doazen ikasle potentzialak?

-Euskararen ezagutza duten irakasle gutxi dituztela ere aitortzen da.

-Azken 5 urtetan euskarazko irakasgaien eskaintzaren igoera oso apala izan da (kasuren baten jaitsiera ere izan da) eta titulazio batzuk oraindik gaztelania hutsean eskaintzen jarraitzen da.

-Zer esanik ez unibertsitateak irakaskuntzatik at eskaintzen dituen zerbitzuetan, euskararen ezagutza eza orokorra da eta ezintasunak nabarmenak.

Baina Nafarroako Unibertsitate Publikoak hurrengo urteetarako planean ere berdintsu jarraitzeko asmoa duela erakusten da:

-Irakasleen deialdietan euskararen ezagutza 111 deialditatik 125era pasatzeko helburua jarri dute eta euskarazko 1471 kreditutik 1600 kreditu eskaintzera pasatzeko helburua dago.

Horiek badira euskara plan honen helburuak, esango nuke agian ehunka urte batzuk beharko genituzkeela euskaraz ere eskaintza integrala egin dezakeen edo euskaraz funtzionatu dezakeen  unibertsitate bat izateko. Gogoratu Unibertsitate honen misioen artean dagoela “euskararen garapena sustatzea” baina sustapen hori doan erritmoan, gaztelaniaz ikasiko dugu euskaraz ikasten ari garelakoan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!