Hiztun komunitate bi beraien hizkuntzekiko berdintasunean bizi direla esateko, gutxiengo
aitortzatik harago edo hizkuntza bat erabiltzeko debekurik ez izatetik harago, badago zer egina.
Ez, Euskal Herrian ez gara aske gure hizkuntza noiz erabili nahi dugun hautatzeko,
baldintzatuak bizi garen hizkuntza komunitatea gara, besteak beste: euskaraz lan egiteko
eskubiderik ez dugu, behin eta berriz euskaraz nahi dugula adierazten ibili behar gara eta hala
eginik ere, “en castellano” edo “en français” erantzuna jasotzen dugu, aisialdian euskarazko
eskaintza askoz gutxiago dugu eta baliabide telematikoak eta berrikuntza gehienak gure
hizkuntzan erabiltzeko aukerarik ez dugu.
Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala berritzeko prozesua martxan jarri dute mundu
mailako hainbat erakunde eta adituk, helburua argia da, adierazpen horretan 96. urtean bildu
ziren eskubideak egikaritzen hastea eta horretarako behingoz Nazio Batuen Erakundeak
hizkuntza eskubideak giza eskubide bezala aitortzea. Gaur egun bezala jarraitzen badugu,
hizkuntza komunitateek eta norbanakoek ez dute berdintasunik izanen, inoiz ez da gure
hizkuntza espazio guztietan erabiltzeko eskubiderik izanen eta horrek etorkizunean hizkuntza
asko desagerraraztea ekarriko luke. Positibo izateko nahi eta determinaziotik harago, tamalez
minorizatutako hizkuntzek gaur gaurkoz etorkizun beltza dutela esatea egia gordina baino ez
da.