Nafarroan D ereduan euskaraz ikasteko aukera dagoela esaten zaigu. Baina zer da euskaraz ikastea?
Ordenagailu zein bestelako tresnen konfigurazioa, eskola garraioa, jangelak, zerbitzu psiko-pedagogikoak,… hainbat dira D ereduko ikastetxeetan gaztelania erabiltzera bideratzen gaituzten neurri eta zerbitzuak.
Izan ere, ikastetxe bati euskaraz ikasteko aukera ematea ez litzateke ikasgaietara mugatu beharko, euskaraz ikastea hezkuntza sistema osatzen duten zerbitzu eta baliabide guztiak euskaraz izatea ere bada.
Gaurkoan adibide argi bat jarri nahiko nuke, Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialekoa, une honetan 4 administrari lanpostu daude eta horien artean ez dago nahitaezko euskararen ezagutza duen lanposturik, hutsik dauden plazek ere ez dute euskarazko profilik. Berdin atezainen lanpostuetan eta zerbitzu orokorretakoetan, ez dago euskarazko profila duenik.
Beraz, ez da harritzekoa euskara ikasteko edo azterketa egiteko matrikulatu eta baliabideak zein telefono bidezko arreta gaztelaniaz jaso behar izatea edo mezu zein bestelakoak ere oraindik gaztelaniaz jasotzea. Norbaitek hartuko al du neurririk? Eta batez ere, Nafarroako Gobernutik dena progresiboki egin behar dutela esaten zaigun honetan…
Zein urtetan eragingo da funtzio publikoak neurriak hartzea?