Gutxiespenekin bueltaka

Erabiltzailearen aurpegia Agurne Gaubeka 2025ko urt. 30a, 19:21

Pasaden astean Parlamentuan Ana Ollo Kontseilariak batzorde bat deitu zuen “Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutunarekiko jasotako gomendioak azaltzeko. Batzorde horretan adierazitakoek, ongi irudikatu zuten giza eskubideen oinarri beharko luketeen hizkuntza eskubideekiko Nafarroako Parlamentuko zenbait alderdik duten gutxiespena.
Batetik hizkuntza gutxituen gutuna bera gutxiesten saiatu ziren, nahiz eta gogoratu behar dugun Espainiako Estatuak sinatuta eta berretsia edo “ratifikatua” duela. Eta zer da berretsia izatea zehazki?
Ba Espainiar Estatuak berak gutun horretako konpromisoak betetzera bere burua behartu zuela esan nahi du, juridikoki ere loteslea dela. Beraz, negargarria da Nafarroako Parlamentuko kide  direnek gutuna eta beronen betetzea ebaluatzen duten nazioarteko adituak ere horrela deslegitimatu eta gutxiestea.
Ziurrenik eman dituzten gomendioak gustukoak ez direlako izango da. Euskara armairu batetako apaingarri kulturala dela esatetik urrun, osasungintzan, gizarte zerbitzuetan, justizian zein bestelako zerbitzu publikoetan herritarrek euskara erabiltzeko aukera izan beharko luketela azpimarratu edo Euskararen legeak ezarritako muga eta oztopoak ezabatu behar direla gomendatzen dutelako.
Izan ere, administrazio ezberdinek hizkuntza eskubideen eta euskararen sustatzean aurrerapausoak ematen dituztela irudikatu nahi duten arren, 2025. urtean gaude baina enegarrenez, Nafarroako Parlamentuan gutxiagotutako hizkuntzen eta hiztunen behar bezalako aitortza egin gabe jarraitzen da eta horrek bere isla du egunerokoan. Hori ez da aurrera joatea, behin eta berriro 1986an nahi gaituzte.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!