Zaintza euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia Agurne Gaubeka 2023ko aza. 21a, 14:02

Azaroaren 30ean, mugimendu feministak deitutako greba eguna dugu.  Zaintza duina, kalitatezkoa, publikoa eta komunitarioa dira aldarrikapen nagusiak eta aldarrikapen horietan euskarak duen papera eta garrantziaz ere gogoeta txiki bat egin nahiko nuke. 
Nafarroan oraindik zaintza zerbitzuak euskaraz jaso eta emateko ezintasun nabarmena dago. Pertsona nagusien, gaixoen edo haurren zaintza egiten duten pertsonei erakunde publikoetatik ez zaie euskara doan ikasteko eta berauei egokitutako baliabiderik eskaintzen, besteak beste, euskarari ez zaiolako behar den aitortza egiten. Era berean, zainduak diren pertsonak ezintasun nabarmenak dituzte euskaraz zainduak izateko eta horrek, egiten den zaintzaren kalitatean eta erabiltzaileen osasunean bertan ere eragina du.
Osasungintza sisteman bertan zerbitzu hauek euskaraz jasotzeko eskubidea bermatua izateak, pertsonen berdintasun, duintasun eta zerbitzuen kalitatean nabarmenki eragingo luke. Baina hemen ere Nafarroan dugun egoera oso bestelakoa da, adibide argia pediatriako zerbitzuen afera dugu. Herritarrek hainbatetan salatu duten bezala, haurrak euskaraz artatzeko gai diren pediatra bakan batzuk baino ez ditu Osasunbideak. Zer esanik ez, emakumeen osasun arretan edo osasungintzatik harago, adibidez genero indarkeriari lotuta eskaintzen diren zerbitzu psikologiko, judizial edo bestelakoetan ere antzekoa da egoera.
Zaindua izateko eskubidea eta betebeharra denona den heinean, zaintza hori kalitatezkoa izan eta euskaraz ere egiteak pertsonen duintasunean eta eskubideetan sakontzeko bidea izan beharko luke. Beraz, horren guztiaren alde ere, greba feminista orokor honekin bat egitea garrantzitsua da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!