Datorren azaroaren 29an, Done Saturdi izateaz haratago, hauteskunde deialdia dago Espainiar Estatuko gorteak osatzeko. Hego Euskal Herriko biztanleak ere hautaketa prozesu horretan parte hartzera deitu gaituzte, eta asko dugu jokoan.
Nahiz eta ez diren gure hauteskundeak, guri eragingo diguten erabakiak hartuko dira Madrilen. Eta jokoan dago erabaki horiek orain arteko gehiengo progresistak hartuko dituen, edota ultraeskuinaren eskuetan izanen den gehiengo parlamentario batek. Ez da soilik Espainiako alderdien arteko lehia, autoritarismoaren eta demokraziaren arteko hautua da.
Badakigu, gainera, ultraeskuina gobernura heltzen bada, guztiok ez ditugula ondorioak modu berean pairatuko. Emakumeek, LGTBIQ kolektiboak, migranteek, pertsona arrazializatuek, independentistek... jasango dugun jazarpena ziurrenera oso gogorra izanen da. Baina bada beste kolektibo bat egoera berean egonen dena, eta askotan ez duguna aipatzen, hizkuntza minorizatuen hiztunak, Nafarroan euskaldunak.
Espainiar estatuko azken gobernuek ez dute egin guk, euskaldunok, beharko genukeen guztia gure hizkuntzaren egoera bideratzeko, hori egia da, baina ez du ikustekorik etor daitekeenarekin. Eta ez naiz ari ditxosozko pinganilloen inguruan, nahiz eta argi dagoen hori ere sinbolikoa dela. Ari naiz, debekuz, lege murriztaileagoz edota dirulaguntzak ezabatzeaz. Beraz, Iruñean Iruñeko egunaz gozatu bai, baina faxismoa hautetsontzietan borrokatu ere bai.