UPNk aukeratu du hurrengo foru hauteskundeetarako hautagaia. Sorpresarik ez erregionalistenean, Cristina Ibarrola izanen baita. Harritzekorik egon bada, hein batean, erriberako sektoreak, Toquerorenak, erresistentziarik agertu ez izana izan da. Ez dute hautagaitza alternatiborik aurkeztu, nahiz eta, prentsak adierazi duenaren arabera, parlamenturako zerrendetan lehen posturen bat eskuratu nahi duten. Iruñeko Udaleko zinegotzi desagertuak bi militante anonimo besterik ez du izan aurrez aurre, garaipena botoen % 85 eskuratuta lortuz, bulgariar erara irabaziz.
Hautaketa horrek, beraz, jarraipena emanen dio UPNk azken bi urteetan hasitako bideari, Ibarrola alderdiko lehendakari hautatu zutenetik. Hautagaitza eskuratu osteko diskurtsoan argi geratu zen hori; zentsura mozioa eta EHBildu ahotan, Chivite eta Sanchez jomugan eta errelatoa are eskuinerago.
Eta orain zer? Zein egoeran geratu da UPN? Iruñeko Udalean ez da Ibarrolaren ordezko argirik antzematen. Egia da alkatetza galdu zutenetik UPNren bozeramaleak denbora gutxi eman duela bertan, baina horrek ez du protagonista argirik utzi. Agian udal taldetik kanpoko hautagai berriren bat bilatuko dute?
Herrialdeari dagokionez, ikusteke dago PP eta VOXen igoerak, Madrilgo haizeek bultzatuta, erregionalisten artean desertzio gehiago ekar dezakeen. Toquero eta bere sektoreak zer eginen duen ikusi beharko, ez baitakigu Ibarrolak zein toki utzi nahiko dien zerrendetan, ez eta PPNren idazkari nagusi berriak, Sayasek, zer eskaini diezaieken.
Dena dela, jarrai dezatela bide horretatik, UPN izaten ari baita UPN gobernutik kanpo mantentzearen bermeetako bat. Azken finean, Ibarrola, eta aurretik Esparzaren estrategiari esker ere, UPNk 2015etik darama Nafarroako jauregitik kanpo eta posible izan da Iruñeko Udalean zentsura mozio bat egitea. Beraz, lubakiaren beste aldetik, Ibarrola presidenta!