Arrazismoa Udalean

Erabiltzailearen aurpegia Garat Gaztelu 2026ko urtarrilaren 20a

Gabonak pasata, bueltan da udalbatzaren jarduna. Aurreko astean izan zuten lehen osoko bilkura, eta tentsio handikoa izan zen. Unibertsitate karparen egunean gertatutako bortxaketaren harira eskuineko bozeramaleek botatako adierazpenak izan zituzten hizpide.

 Ziurrenik dagoeneko jakinen duzuenez, egindako ikerketak, hasiera batean, inguru horretan bizi ziren afrika iparraldetik etorritako lau gizon izan zituen susmopean. Horren ondorioz, pertsona horiek hilabete eta erdi baino gehiago eman zuten kartzelan, DNAk haien errugabetasuna frogatu zuen arte. Epe horretan udalean eskuin espainolista ordezkatzen duten alderdiek mezu arrazistak zabaldu zituzten udal gobernuaren aurka egiteko. Ez zien axola izan, biktimaren beraren eskariaren aurka, gertatutakoa helburu politikoekin erabiltzea.

 Hori dela eta, udal gobernua osatzen duten alderdiek udal talde horien bozeramaleen dimisioa eskatzeko adierazpena eraman zuten urteko lehen bilkurara. Eztabaida sutsua izan zen plenoan, eta adierazpenak aurrera egin zuen alderdi sozialistaren botoekin.

 Eskuineko alderdien jarrera, baina, oso larria izan zen. Haien diskurtsoa justifikatzeko, mezu arrazistei eustea erabaki zuten. Migrante horien errugabetasuna frogatuta dagoela jakinda ere, eztabaida osoa eman zuten migrazioa inseguritatearekin lotu nahian.

 Lotsagarria da beti pertsona baten jatorria erabiltzea beste herrialdeetatik etorritako pertsonak kriminalizatzeko. Baina, are larriagoa da, ikerketak errugabetasuna frogatu duenean, jarrera horretan jarraitzea. Argi ikusten da, ultraeskuinaren igoeraren aurrean, eskuinaren estrategia ultren diskurtsoa errepikatzea baino ez dela. Zoritxarrez, horrek diskurtso arrazistak normalizatzea besterik ez du ekarriko. Horren aurrean, argi eta tinko adieraztea besterik ez dugu, arrazistek ez dute tokirik gurean. Badakigu ez dutela dimisioa aurkeztuko, baina ziur nago gizarteak mezu argia bidaliko diela horrelakoak erabiltzen dituztenei.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!