Aurreko astean jakin genuen dagoeneko udalak ofizialki izendatu dituela Sanduzelaiko auzo kontseilua osatuko duten kideak. Hori da auzo kontseilua funtzionamenduan hasi baino lehenago bete beharreko azken pausoa. 2019an onartutako parte-hartze erreglamenduak aurreikusi zituenetik, Sanduzelaikoa da sortu den lehen auzo kontseilua, baina ez da bidean dagoen bakarra, Arrotxapean ere ari baikara horretarako lanean.
Ez da kasualitatea Sanduzelai izatea tresna hori baliatu nahi izan duen lehena, biribilgunearen harira sortutako borrokak argi adierazi baitu auzoak eskura dituen tresna guztiak baliatu behar dituela instituzioekin egoteko, instituzioak entzutera behartzeko eta adierazitako beharrak atenditu ditzaten borrokatzeko. Azken finean, tresna honek udala osatzen duten alderdi eta zerbitzuak behartzen dituelako auzoko sektoreekin biltzera eta horiek entzutera. Ez hori bakarrik, behartzen ditu haiekin elkarlanean aritu eta konponbideak elkarrekin bilatzera.
Aurrekoan auzoan aipatzen zen moduan, asko eskertu izanen genukeen horrelako tresna bat zonalde urdina inorekin kontsultatu gabe auzo osora zabaldu zenean. Beraz, eskerrak Sandulezairi zabaldutako bidearengatik, Arrotxaperrak ere berehala izanen gara horretan.