Nartziso

Erabiltzailearen aurpegia Garat Gaztelu 2025eko azaroaren 5a

Ezaguna da gure gizartean Nartzisoren mito klasikoa. Nartziso gazte ederra zen eta, mutil zein neska, denak berarekin maitemintzen ziren. Berak, ordea, denak errefusatzen zituen. Hori dela eta, azkenean bere buruarekin maitemintzera kondenatu zuten. Behin, bere burua urmaelean islatuta ikusi zuenean, ezin izan zion begiratzeari utzi, eta bere buruaz beste egin zuen.
 Mito horrek eman digu nartzisista terminoa, bere buruarekiko kezka eta ego gehiegizkoa duen pertsona izendatzeko. Argi dago, dimisioa aurkeztu berri duen Carlos Mazon Valentziar Herrialdeko presidentea Nartzisoren parean ikusita, zail izanen genukeela asmatzeko zeinek betetzen duen hobe aipatutako profila.
 Urtebete pasa da GOIDI latz baten ondorioz izandako uholdeek Valentzian 229 hildako eragin zituenetik. Urtebete, Mazon gezurrak bata bestearen atzetik botatzen hasi zenetik. Urtebete, Valentziar Gobernuaren, eta bereziki Mazon beraren, akatsak eta arduragabekeriak  ezagutzen hasi ginenetik. Urtebete, familiek eta herritarrek Mazonen gobernuaren dimisioa eskatzen hasi zirenetik.
 Urtebete pasa den honetan aurkeztu du, behingoz, Mazonek dimisioa. Baina atzo presidenteak botatako diskurtsoa entzunda, argi dago Nartzisok bere horretan darraiela. Akatsak onartu zituenean ere, denak ziren besteekin fidatzeagatik, edo besteek eragindakoak. Autokritika zantzurik ez.
 Dimisioa ez du aurkeztu, beraz, hausnarketa moral baten ondorioz, baizik eta, alde batetik, kalearen, eta bestetik, alderdiaren presioaren ondorioz. Kaleak, ezin zuelako onartu halako desastre baten erantzuleak ondoriorik ez jasatea. Alderdiak, kalkulu politikoak argi utzi duelako ez dela  sostengarria.
 Izan den moduan izan dela, zorionez, dimisioa heldu da. Ikusteke dago oraindik Valentziako herriak hauteskunde batzuetan haren amorrua eta nahiak adierazteko aukera izanen duen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!