Urduri eta ilusioz beteta. Horrela heldu ziren lehen eskola egunera Iruñezar AEK euskaltegiko ikasleak. Ziur naiz beste euskaltegietan berdina gertatu zela, are gehiago, euskaltegira euskara ikastera lehen aldiz zetozenekin. Urduri, ezagutzen ez duten egoera bati aurre eginen diotelako, berria guztiz haiendako; baina ilusioz, bidaia eder zein zirraragarri bati hasiera emanen diotelako, gainera, bidelagun ezin hobeekin.
Atzo eman zuen jakitera Nafarroako Gobernuak helduen euskalduntze alfabetatzearen sektoreak izandako matrikulazioaren emaitzak. Oro har, % 15 hazi da euskaltegiek izan duten matrikulen igoera; eta, hasiera mailari dagokionez hazkundea are handiagoa da, % 23. Berri benetan pozgarria da, argi adierazten baitu euskara ikasteko tresnak ematen direnean Nafarrek eskertu eta baliatu egiten dituztela.
Hamaika arrazoi egon daiteke igoera horren atzean: euskararen prestigio sozial handiagoa, lanerako baliagarritasuna, euskararekiko sektore sozial baten ikuspuntu aldaketa... Baina uste dut azpimarratu beharreko bat badagoela ere, bereziki hasiera mailari dagokiona, eta hori da doakotasunaren bidean aurrerapauso garrantzitsua eman duela Nafarroako Gobernuak, matrikula horien kostua ia %100ean kubrituko duela adieraziz, EHBildurekin egindako aurrekontuen negoziaketari esker.
Orain ekin zaio berriro ere aurrekontuen negoziazioari eta ikusiko da oraingoan aurrerapauso gehiago emanen den bide horretan, baina argi geratu dena da Nafarroako herritarrek erraztasunak dituztenean euskara ikasi nahi eta ekiten diotela. Negoziaketek emanen dutena heldu bitartean, animo asko euskara ikasteko abenturari ekin diozuen guzti-guztiei, merezi du eta.