Ultraeskuinaren zirimiria

Erabiltzailearen aurpegia Garat Gaztelu 2024ko aza. 4a, 16:45

 Ia astebete pasa da Valentziako uholde beldurgarriak gertatu zirenetik, eta oraindik ez dakigu zein izan den ezbeharraren benetako neurria. Oraindik lohiak estalita daude Paiporta eta inguruko herriak. Oraindik ere ari dira agertzen hilotzak. Oraindik ez dira oinarrizko zerbitzuak berrezarri. Herri horietako biztanleek erabateko abandonu sentsazioa izan dute egunotan.

 Testuinguru horretan, Pedro Sanchez, Carles Mazon eta Felipe VI. atzo joan ziren bisitan; eta herritarren haserreak gainezka egin zuen, urek Poioko Ramblan egin bezala. Ematen du, baina, ez dela hori atzoko lokatz-jasaren gibelean zegoen bakarra. Espainiar estatuko hainbat kazetarik salatu dutenez, ultraeskuineko militanteak izan ziren oldarraldiaren sustatzaileak, egoera lazgarri horretatik probetxua atera nahian.

 Hemen ere, gure artean, hasi dira ultraeskuinak ezarritako diskurtsoak barreiatzen. Sare sozialetan, Valentzian geratutakoen harira, hasi dira agertzen Pedro Sanchez eta bere gobernua errudun dela salatzen duten mezuak, bestelako arduradunak albo batera utziz. 

 Ziur nago Valentziarrek egoerari aurre egiteko gaitasuna izanen dutela, lohia garbitu eta haien etxeak berreskuratzeko. Zalantza gehiago dut, zirimiriaren modura, ultraeskuinaren diskurtsoak bustitakoak, inoiz lehortuko ote diren; edo gutxinaka-gutxinaka urak gora egiten jarraituko duen, dena estali arte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!