Izan ziren Europako hauteskundeak, eta soka luzea ekarri dute. Eskuin muturrak gorakada izan du Europa zabalean, baita Euskal Herrian ere. Frantziar estatuan eta Ipar Euskal Herrian lehen indarra izan da, eta Macronek parlamentua desegitea erabaki du.
Egoera horren aurrean Frantziar estatuko ezkerrak Fronte Popular Berria eraikitzea erabaki du, ultraeskuinaren gorakadari aurre egiteko. EHBaik ere bertan parte hartzea erabaki du. Horregatik kritikak jaso ditu alderdi abertzaleak, frantziar zentralisten zein abertzale sektore batzuen eskutik.
Zutabea aprobetxatu nahi dut EHBairen erabakia babesteko. Aurreko zutabean esan bezala, faxismoari aurre egiteko eskura ditugun tresna guztiak baliatu behar ditugula uste dut. Akordioak, gainera, aukera emanen die abertzaleei lehen aldiz ordezkaritza eskuratzeko Pariseko parlamentuan. Ea horrela den asko baitago jokoan.
Amaitzeko, uda zoriontsua opa dizuet guztiei. Jarrai dezagun Iruñerria eta Euskal Herri osoa euskalduntzen, Euskalerria irratitik edota eskura ditugun beste bide guztietatik.